2010/12/26

Bullyng-a aurrez aurre

Jazarpena, bullying -a... gertakarien ondoren denon ahotan dabilen gaia da. Lehendik ere horrelako arazoak ezagunak baziren, oraingoan ondorioak muturrera iritsi dira, eta horrek kezka areagotu egin du.

Ez da errudunak bilatzen aritzeko unea, zuhurtziaz jokatu eta hausnartzekoa baizik. Eta bada zer hausnartua: zergatik sortzen diren horrelako jazarpenak, zer egin daitekeen horiei aurre egiteko edota saihesteko, zer egin dezakeen bakoitzak dagoen lekutik (familian, ikastetxean, gizartean, administrazioan...) eta abar.

Eskolan kokaturik, alde batetik, prebentzio lana egin daiteke, eta hori egiten dute Etxarri-Aranazeko ikastolan. Bestetik, daukagun hezkuntza ereduaz eta antolaketaz hausnartu beharko genuke, horrek ere baduelako bere eragina. Juanjo Otaño eta Alex Barandiaranek esku bat bota digute horretan. Ikusi erlazioanaturiko artikuluak
Ikusi erlazionaturiko materiala
Jazarpen egoeren erantzukizuna guztiona da

Bullying -a denboran zehar mantentzen den planifikatutako eta nahitako erasoa da, botere gehiegikeriaren egoera dramatikoa adierazten duena, eta nagusitasun-menpekotasun eskema ezarrarazten duena erasotzaileak biktimaren gainean". Horrela definitzen du bullying-a Jose Maria Aviles Gaztela eta Leongo STE sindikatuko Lan Osasun arloko arduradunak. Ikasleen artean gertatzen diren jazarpen egoeren inguruko doktorego tesia egina du eta bullying-aren aurka egiteko programak diseinatuta ere bai.

Nora Rodriguez bullying-ean aditua den pedagogoak ere antzeko definizioa ematen du: "Ikasketa zentroetan gertatzen den beldurrarazte prozesua da, sistematikoa eta hazten doana, lagun batzuek beste bati egiten diotena taldearen onespenarekin".

Ez da arazo berria, betidanik egon baitira baztertutako lagunak, irainak jaso dituztenak, harroputzak eta ahulak. Gehienetan kaltetuek barruan eramaten dute sufrikarioa, isilpean. Batzuetan ondorioak ikusten dira, bestetan ez. Hondarribiko kasuan ikusi dira, eta horrek ezinegona eta kezka areagotu egin ditu.

Jose Maria Avilesek egindako azterketaren arabera, ikasleen % 6k onartzen du inoiz ikaskideek eragindako tratu txarrak jaso dituela. Tratu txarrak eragin dituztela aitortzen duten gazteak % 5,8 dira.

Garbi dagoena da hausnartu beharra dagoela. Batetik, horrelako jazarpenak zergatik gertatzen diren jakiteko, eta bestetik zer egin daitekeen ikusteko.

Gurutze Zipitria psikoterapeuta eta irakasleak dio umetan gertatzen direla, "helduok ez garelako behar den bezalako ereduak". Izan ere, jasotzen duten eredua, bai etxean eta bai eskolan, egungo gizarte ereduari erabat lotuta dago. Alicia Startze historialariaren iritziz "behin eta berriz hitz egin da "balioetan" oinarritutako heziketaren premiaz horrelako arazo guztiei irtenbidea emateko. Haatik, gutxik aipatu dute hezkuntza sistemak bizi duen kontraesana. "Munduko hezkuntza ordena berriaren" ezarpena bizi du orain, eta bere kontsigna nagusiak balio horien kontrakoak dira, hain justu. Edozein eskolak integratu beharko lituzkeen justizia, elkarrizketa, elkartasuna, trukea eta tolerantzia zaharkituta gelditzen dira eredu berri horretan. Munduko merkatu librearen neurrira egindako eredua da, eraginkortasuna eta konpetitibitatea helburu dituena. Kontua ez da hiritar integralak, kritikoak, integratuak eta solidarioak prestatzea, baizik eta "homo economicus" moduko bat, multinazional handien estrategietara eta merkataritza librera eta haren ideologiara egokitua".

No hay comentarios: