2010/12/26

Irakasleak babesik gabe sentitzen dira.

DBH 4. mailako gela batean andereñoak MP3a kendu zion ikasleari, arauak hala zioelako. Ikasleak, haserretu eta irakaslea jo zuen. Beste ikastetxe batean irakasleak gelatik kanpora bidali zuen ikaslea, eta irten baino lehen irakaslea hormaren kontra bultza zuen. Beste batean irakasleak besotik helduta sarrarazi zuen ikaslea jolastokitik eskola barrura, eta aita etorri eta irakaslea jo zuen. Irakasle batek baino gehiagok topatu ditu autoko gurpilak zulatuta. Eta zentroko hormetan irakasleen aurkako pintadak agertu zirenekoa ezin ahazturik dabiltza oraindik batzuk.
Uste baino ugariagoak dira horrelako kasuak. Asko eta asko isilpean pasa dira, baina azkenaldian komunikabideetan oihartzuna izan dute beste zenbaitek. Irainetatik eraso fisikoetara iritsi gara, eta horrek egoera larriagotu egin du.
Ikaslearen aitak jo zuen irakasle hark argi zuen ez zela isilik geldituko. Aurrera egitea erabaki zuen: salaketa jarri, epaiketara joan... Hori bai, aitortzen du erabat bakarrik eta babesik gabe sentitu zela prozesu osoan eta emaitza ez dela inoren gustukoa izan. Lankideen babesa jaso zuen, baina administrazioaren aldetik ez zuen ezer jaso komunikabideetan agertu zen arte. Horregatik ulertzen du isilik gelditzen direnen erabakia. Bakardadea sentitzen duten askok isiltzea eta, ahal badute, ahaztea hautatzen dute.
Isilik gelditzeko beste arrazoi bat norberaren prestigioa da. “Irakasle txartxat hartuko naute”, “lankideek gaizki begiratuko didate”, “20 urte daramatzat irakaskuntzan eta inoiz ez zitzaidan horrelakorik gertatu; beti besteei gertatzen zitzaiela pentsatzen nuen eta orain niri gertatu zait”... Erasoak jasaten dituzten irakasleek lekukoak bilatu behar izaten dituzte, eta noski, ez da erraza. Gelako gazteak ez dira lekuko gisa aterako. Zailtasun horien aurrean, isiltasuna da nagusi.

No hay comentarios: